"Esan irudiekin I", Joseba Larretxe irudigilearen erakusketa

Irun Martxoaren 24(e)tik Apirilaren 21(e)ra
  • "Esan irudiekin I", Joseba Larretxe irudigilearen erakusketa

Gazteartean erakusketa berria Joseba Larretxe irudigilearena izango da. Martxoaren 24tik apirilaren 21era egongo da zabalik, asteartetik larunbatera, 17:00etatik 21:00etara.

Erakusketa honetan, aurrekoetan egin den bezala, tailer bat egitea aurreikusten da, eta nahi duenak joan ahal izango du bertara eta artistak nola lan egiten duen ikusi, eta bere lanaren inguruan esperientziak trukatu eta teknikak eta bitxikeriak partekatu ahal izango dituzte.

Joseba Larratxe

Irunen jaioa 1985ean, arkitektoa formazioz eta haurtzarotik komiki eta marrazki zale amorratua, eta horixe bihurtu du bere bizimodu. "Josevinsky" deitzen diote etxekoek eta komiki tirak argitaratzen zituen ikasten ari zen bitartean Berria, Nabarra eta Aldiri bezalako egunkarietan eta karrera amaitu zuenean ilustrazioaren munduan sartu zen. Pako Aristi, Yurre Ugarte eta Asisko Urmenetaren gidoiak marraztu ditu Xabiroi komiki aldizkarirako. Era berean, 2015ean komiki labur bat argitaratu zuen, Waking izenekoa, Vertigo argitaletxe estatubatuarrarentzat, eta Eneko Aritza komikia ere argitaratu du Nabarralde kultur taldearentzat. Ilustrazio lanak ere burutzen ditu, hala nola, Argia aldizkariarentzako azalak edo Elkar argitaletxearen liburuentzako marrazkiak.

Komiki japoniarraren eragin oso handia duen estiloko artista da, txikitan asko irakurri zituen era horretako komikiak eta. Hala ere berak ez du kokatzen bere lana modalitate japoniarrean eta esaten du japoniar eta europarraren arteko nahasketa bat dela. Atsegin dituen marrazkilari gehienak europarrak dira gainera, ekialdeko ukitu batekin, batez ere narrazioan eta biñetak kokatzeko moduan.

Era berean, Josebaren marrazkiak eraikita daude fisika eduki dezaten, alegia, forma, masa edukitzeko eta ez daitezela etereoak izan. Tailerrak eta hitzaldiak ere eskaini izan ditu Josebak; Gasteizen, Donostian, Irunen, Ibarran, Getarian, Beran, Lartzabalen eta Bartzelonan, besteak beste. www.kklrd.com web komikiaren sortzaileetako bat ere izan da. Bere lanak http://josebalarratxe.tumblr.com/ dira ikusgai.

Datozen erakusketak

Datozen bi erakusketak Joseba Larratxek hasiera emango dion gaiari lotuta joango dira. Bertan, komikia eta ilustrazioa izango dira irizpide eta irudien atzetik artista bakoitzak istorioak kontatzeko duen era desberdina islatuko da. Hartara, Jon Juarezek apirilak 28tik maiatzak 27ra bitarte eskainiko duen erakusketak Esan Irudiekin II izena izango du, eta hirugarren artistak (oraindik konfirmatu gabea) eskainiko duena Esan irudiekin III.

Irungo Udala

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data Martxoaren 24(e)tik Apirilaren 21(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik larunbatera: 17:00-21:00
  • LekuaMartindozenea Gaztelekua
    Irun
  • HizkuntzaBat ere ez

Non