Donostia Kultura: Memoria 2020

  • Donostia Kultura: Memoria 2020

  • DataOtsailak 22
  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua

Donostia Kulturak 2020ko MEMORIA publikatu du. Egoera honetan, inoiz baino gehiago, nabarmentzekoa da Donostia Kulturak dinamizatzaile gisa duen papera.

Egitura egonkorrarekin ekin zion Donostia Kulturak 2020ari, eta euskarari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari laguntzeko zeharkako planekin jarraitu zuen. Nazioartean, pandemiaren etorrerarekin, eta bitxia bada ere, aholkularitza- eta informazio-eskaerak areagotu egin ziren: 2016an bizitako kultura hiriburutza bezalako proiektuak eta pandemiaren egoerari aplikatutako kultura politikak interes handiko puntuak izan ziren nazioarteko hainbat tokitako hirientzat. Nazioarteko harremanak areagotu egin genituen.

Zenbakiei dagokienez, guztira 90.696 sarrera saldu genituen 2020an, eta 1.168.582€-ko diru-sarrerak izan genituen, 2019an eskuratutakoaren %47,73. Nabarmentzekoa da, halaber, online salmentak gora egin zuela Donostia Kulturan, fakturazio osoaren %63tik %83ra. Eta hazkunde horrek ez du etenik: DK Klubeko bazkideak ere dagoeneko 110.066 pertsona dira, %3ko igoerarekin. Horrek agerian uzten du publikoaren babesa erakundearen ekimenekiko.

Izan ere, arlo guztietan hain urte zaila izateak balio izan du herritarrek kultura eta kulturarekiko hurbiltasuna are gehiago baloratzeko. Ibilbide horretan gora egin zuten bidelagun berriak ere nabarmendu behar ditugu: BCC Basque Culinary Center bazkide berria da, eta abantaila ugari eskaintzen dizkie DK bazkideei, Zinemaldiak, Aquariumek, Chillida Lekuk, Jazzaldiak, San Telmo Museoak eta abarrek eskainitakoekin bat eginez.

Kultur Etxeek 538.912 bisita izan zituzten eta 3.231 jarduera baino gehiago programatu zituzten (113.689 pertsonek parte hartu zuten).

Zifrak garrantzitsuak dira gure zerbitzuen errendimendua neurtzeko, baita liburutegiei dagokienez ere. Jakina, 2019. urtearekin alderatzean kontuan hartu dugu bi hilabete eta erdi gutxiago eman dugula zerbitzua, ekainean irakurleek ezin zutela liburuak apaletan aukeratzera hurbildu, aurrez hitzordua eskatuta funtzionatzen zela, edukiera %50era murriztu zela, haurtxotekak eta hemerotekak itxita daudela, Amara, Okendo eta Tomaseneko liburutegien udako ordutegia erdira murriztu zela udan, eta ez genituela izan udako liburutegiak, Eguzkiteka eta Urgull. Hala eta guztiz ere, 409.182 bisita izan genituen eta 296.265 mailegu egin genituen.

Arte eszenikoetan, Covid efektuak eta hiru hilabetez pausatuta egoteak sekulako geldialdia ekarri zuen sektore osoan: funtzio mota guztietan, produkzio prozesuen atzerapena eta estreinaldien etendura. Baina, oraingo honetan, alde positiboa nabarmendu behar dugu: erabateko estreinaldiak egiteko aukera izan genuen, edo, beste era batera esanda, ikuskizun askoren mundu mailako estreinaldiak hartu genituen. Donostiako udal antzokiek ez dute ixten eta programazio zabala garatzen dute udako antzerkiaren esparruan. Horrek ere laguntzen du positibo izaten..

Egoera honetan, inoiz baino gehiago, nabarmentzekoa da Donostia Kulturak musika panoramaren dinamizatzaile gisa duen papera. Tokiko agentzien eta sustatzaileen bidezko kontratazioa areagotu egin genuen, beste musika erakunde batzuekin harremanak izaten jarraitzeko ahalegina egin genuen, eta apustu handia egin genuen musikaren arloan enplegua mantentzen laguntzeko.

Beraz, 2020ko Memoriaren aurrerapena egitean esan genuen bezala, osasun larrialdi egoera gorabehera, Donostia Kultura kultura-txerto eraginkorra izan zen 2020an. Eta kultur sektoreak pandemian izan zuen "erresistentzia" gidatu zuen. Bere rola garrantzitsua izan zen, bai herri mailan, bai nazioarte mailan.

 Ezagutu eta jaitsi: Memoria 2020

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri