“Izena duen guztia bada” lelo ezagunak dimentsio handiagoa dauka sarean. Bertan ez dagoena, ez omen da existitzen. Errealitate honetaz jabetuta, Idazlezainak -euskal idazleen lana zabaltzeko proiektua- martxan jarri dute Gipuzkoan. Xehetasunak ezagutzeko, Xabier Cañas Donostiako Liburutegi Sareko teknikariarekin hitz egin dugu.
Nondik sortu da “Idazlezainak” ekimena?
Idazlezainak, Donostiako Liburutegien ekimena da. Proiektuaren aurrekaria 2016an dago. Urte horretan, Donostiaren Kultura Hiriburutza aprobetxatuz, Donostiapedia izeneko proiektua barruan, Haur eta Gazte literaturaren inguruko proiektua abiatu zuen Donostiako Haur Liburutegiak. Esperientzia horren arrakasta ikusita, 2017an proiektu hori haur literaturaz harago zabaltzea erabaki da, eta hala, Liburuzainak Wikipedian modu aktiboan lan egiteko proiektua sortu da. Inspirazioa Kataluniako liburutegietatik dator, izan ere, liburuzainak oso aktiboak baitira Wikipedian eta badute “idazleak apadrinatzeko” egitasmo bat. Idazlezainak proiektu irekia da, erakundeen artekoa (Donostia Kultura, Koldo Mitxelena Kulturunea, Habe liburutegia, Tabakalera...) eta maila guztietako liburuzainek parte hartu dezakete.
Zer azaldu nahi du izen berezi honek?
Idazlezainak hitz joko bat da, baina zentzuan esanahiarekin bete betean asmatzen duela uste dugu. Euskaraz, liburuzain liburutegiaren kudeaketan arduratzen den pertsona izendatzeko erabiltzen den hitza da, liburu eta zain hitzen elkarketatik sortzen dena. Liburuzainak, beraz, liburuak “zaintzen” dituen pertsona da. Uste dugu liburuzainaren lana ez dela bakarrik liburuak zaintzea, baizik eta sortzaileak zaintzea ere bai, hori baita kultura gertakariaren iturburua. Bereziki, tokiko sortzaileak edo idazleak zaintzea ere bada liburuzainaren ardura, kultura eragile gisa. Idazleazainak, gure inguruko idazleak zaintzea du helburu, hau da, egilearen ikusgarritasuna handitzea, bere obra ezagutzera ematea eta euskarazko hizkuntza eremutik harago ematea. Horretarako, idazlezainek Wikipedian egiten dute lan, idazleen artikuluak sortzen, hobetzen eta itzultzen.
Zeintzuk dira proiektuarekin batera planteatu dituzuen helburuak?
Lau helburu nagusi ditugu:
Egitasmoa 25 idazlerekin abiatu da. Ze irizpide erabili duzue idazle zehatz hauek hautatzeko?
Martxoa-ekaina bitarteko lehen fasean, katalanera lanen bat itzulita duten 25 euskal idazle aukeratu dira. Era berean, euskarara lanen bat itzulia duten 25 katalan idazle aukeratu dira. Gertatu ohi denez, idazleen horiez gain, beste batzuk ere jorratu dira. Gainera, idazle horien liburuen inguruko artikuluak sortu dira. Horrelako proiektuak abiatzean beti izan ohi dira albo onurak. Iraila-abendua bitartean, Euskadi saria irabazi duten idazleak aukeratuko ditugu irizpide gisa.
Idazleen lana ez ezik, itzultzaileena ere jartzen duzue balorean. Zein da azken hauen papera egitasmoan?
Idazleak esaten diogu, baina orokorrean sortzaileak esan nahi dugu, zentzurik zabalenean, izan baitaitezke itzultzaileak, ikerlariak, hizkuntzalariak... Finean, sorkuntza prozesuan hitza erabiltzen duten guztiak. Gainera kontuan hartu behar da Habe liburutegia tartean dagoela ere eta bertan hizkuntzen inguruko sekulako altxorra dagoela.
Horrez gain, itzulpengintzak sekulako funtzioa betetzen du euskal kulturan eta baita Wikipedian ere. Informazio pila dago erdaretan eta guzti horretatik guretzat esanguratsuena dena euskarara ekartzea funtsezkoa da gure hizkuntzarentzat. Itzultzailearen lana giltzarria da.
Teknologia berriek euskal idazleen lanen hedapenean bereziki lagundu ahal dute?
Orain dela 17 urte, ezagutzarako sarbide nagusia paperezko entziklopediak ziren. 17 urteren buruan, paperezko entziklopediarik ez da argitaratzen eta Wikipedia, ia 40.000 milioi artikulurekin munduko 6. webgune bisitatuena da. Google bilatzailearen lehen emaitza da... Euskal idazleak Wikipedian ez badaude, eta ez soilik euskarazko bertsioan, existituko ez balira bezala da ia. Norbaitek zaindu behar du hori, hortik Idazlezainak.
Zer nolako garrantzia dute sarean hau bezalako fluxuek?
Wikipedian egiten duguna ez da sekula bakarkako lana. Mundu mailako lankide sare bat da. Gu besteengandik ikasten dugu eta haiek gurengandik. Dena den, idazlezainak honekin, uste dugu benetan zerbait originala egin dugula, geurera oso egokitua, eta munduari erakusteko modukoa. Harremanetan jarri gara Kataluniarekin, Uruguaiko euskaldunekin, Boliviako aimarekin, Iparraldeko liburutegiekin... Proiektua zenbait topaketetan aurkeztuko da: Edinburghen, Montrealen... Mundu mailako ideia truke bat dago eta euskaldunak hor egon behar gara, ikasteko, eta gure apaltasunean, zer egiten dugun erakusteko ere.
Zein izango da egitasmoak izango duen ibilbidea?
Egitasmo honen ibilbidea abenduan amaitzen da baina espero dugu jarraipena izatea. Ideia berriak etengabe sortzen dira baita ezagutza aplikatzeko modu berriak ere. Ona litzateke datorren urteari begira liburutegi gehiago batzea egitasmoari, sarea zabaltzea eta ahalduntze digitala profesionalen artean gehiago zabaltzea.